top of page

Egiazkotasuna

Gertakariei buruzko informazioa bildu, landu eta hedatzean datza kazetaritzak. Lan horretan kazetaria informatzaile egiatia izan behar da. Hau da, egiaren aldeko jarrera izan behar du, gezurrak baztertuz eta hanka sartzerik ez egiten ahaleginduz. Kazetariaren erantzukizuna beharrezkoa da, hedatuko duen informazioak jende ugarirengan eragin dezakeelako.

 

Gaur egungo kazetaritzan, bereziki kirolari lotutakoan, sarri ikusten dira zurrumurru hutsaletan zein gezurretan oinarritzen diren berriak, salmentak areagotu nahian sentsazionalismoan erorita.

Janet Cooke kazetari estatubatuarra dugu egiazkotasun faltaren adibideetako bat.

1980. urtean Janet Cooke kazetariak “Jimmy's world” izeneko artikulua argitaratu zuen The Washington Post egunkarian.

Jimmy-ren istorioa kontatzen zen bertan, 8 urteko ume bat, 5 urteetatik heroinazale egin zena, haren amaren bikotekideak xiringaturik. Artikuluan umearen bizitzari lotutako detaile ugari eta amaren deklarazioak ere agertzen ziren, azken horrek haurdun bortxaketa baten ondorioz geratu zela onartzen zuelarik besteak beste.

Janet Cooke kazetariak istorio hori drogen inguruko aditu eta medikuen adierazpenekin bateratu zuen.

 

Artikuluak oihartzun handia izan zuen mundu mailan eta Pulitzer saria irabaztera iritsi zen erreportaje kategorian.

 

Jimmyren kasuak gizartea hunkitu zuen eta hori zela eta, Estatu Batuetako erakunde ezberdinak umea laguntzeko prest agertu ziren. Polizia eta aditu ugari umearen bila abiatu ziren arren, laster konturatu ziren Jimmy ez zela benetan existitu. Beranduago Janet Cooke-ek dena asmatu egin zuela onartu eta eskuratutako saria itzuli behar izan zuen.

 

Kasu horrek, kazetaritzaren egiazkotasuna zalantzan jarri zuen nazioartean, bereziki ikerketa kazetaritzarena. Jasotzen dugun informazioa egiazkoa al da?

Janet Cooke-ek elkarrizketa batean aitortu zuen hedabidearen presioak bultzatu zuela lekukotasun hura asmatzera. Egiazkotasunari zein informazioaren manipulazioaren atzean, enpresen interesak aurkitzen dira, kazetariaren lana eta eginbeharra baldintzatzen dutenak usu.  

 

​

​

Kasu honi buruzko informazioa biltzeko erabilitako iturriak: 

-Janet Cooke - Wikipedia

-El Pais-en artikulua

​

"Jimmy's world" kasua

bottom of page