top of page

Zer ez argi

Zergatik dira zebrak marra belzdun zuriak, zebrabideak marra zuridun beltzak badira? Tipulak biluzterik badago? Zer ezkuta dezakete kazetaritzaren mozorro ederrek?

Galderak beti dira errazak, erantzunak izaten dira zailak, eta horretan datza hein batean, kazetaritzak.

 

Argazkilariaren objektiboaren posizionamendua, esaldi bateko hitzen ordena, esaten direnak eta esaten ez direnak… errealitatea eta haren interpretazioa baldintzatzen dute, eta zenbaitetan distortsionatu hura uhertzeraino.

 

ZaiZoiBeleon helburua ez da komunikatzaileentzat gida bat aurkeztea, baizik eta egunerokotasunean hain agerikoak ez diren hanka-sartzeen inguruan hausnarketa bat bultzatzea, idatzitako hitz bakoitzari dagokion pisua ezarriz. Behin hitz bakoitzaren zama mahai gainean jarrita, errazagoa iruditzen baitzagu errealitateari mozorroak eranztea.

 

Egia, errealitatea bakarra izan daiteke, hara iristeko bideak aldiz, argi eta garbi,  ugari. Batzuek bide luzea hartuta iritsi izan dira egia kontatzera. Beste batzuk tamalez, helmugara iristeko duten interes jakin horrek eraginda edo, lasterbidea hartu eta galdu egiten dira. Orduan hasten dira arazoak.

 

Mila modu daude gauzak ondo egiteko, forma asko izan ditzakete informazioak eta kazetaritzak. Agian, ezin daiteke informazio zuzenari buruzko kode unibertsalik ezarri, ez baitago gauzak ondo egiteko modu bakarrik eta zurrunik. Agian, politikan gertatzen den antzera, nor bozkatu ez dakigun arren badakigu nor ez dugun bozkatuko. Aski zaigu gaizki zer dagoen argitzearekin. Egin behar ez denaren inguruan kontzientziazioa da agian konponbidea, “horrela egin behar da” esatea baino, “horrela ez da egin behar” pentsatzea.

 

Horren saiakera xume bat duzue, etikazetaritza.

​

ZaiZoiBele ziberhedabidea

bottom of page