Ez utzi hautsari sartzen
- Kerman Diaz Franco
- 23 oct 2017
- 2 Min. de lectura
Zuri ere helduko zaizu unea. Etxea zaharra utzi eta berrira joateko garaia. Etxe-aldaketa bat dela jartzen du hiztegian. Etxea baino gehiago aldatzen zaizu ordea.
Etxea hustu, kamioia bete eta aurrera. Hor doaz zure ondoan jarraituko duten armairu, kutxa eta zure Diogenesen sindromeak botatzea debekatzen dizkizun objektuak. Batzuk zakarretara bota behar izan dituzu, ez nahi ez dituzulako, badakizulako zure ondotik desagertzen joango direla pixkanaka, etorriko direnen mesedetan.
Zuk ere utzi behar duzu etxea. Bazoaz, bazatoz. Hobe atzera begira ez jartzea, malkoak ate joka hasiko zaizkizu eta. Betidanik zure ondoan egon diren horiek, beranduago zure bizitzan sartu eta sekulako zorrarekin agurtu dituzunak, lehenago estimatu ez eta faltan botako dituzun horiek, zure pauso bakoitza, zure betiko bideak eta urte andana bat. Laster arte esan duzu, baina esateak bakarrik ez du balio.
Denbora pasa da ordutik. Eguneroko berrira ohitu zara dagoeneko, zuk uste baino azkarrago agian. Hutsuneak betetzeko materiala pilatuz zabiltza. Gauza asko aldatu dira, zure nortasun agiria, hizkuntzak, bizi erritmoa, ordutegia, ingurua, zu zeu… hori aurretik bazenekien ordea. Baina, gogoratzen dituzu bota nahi izan ez zenituen objektu horiek?
Hautsez beteak daude bazter batean. Noizbehinka trapu batekin joan eta garbitzen dituzu, irri bat ezpainetan edo malko bat begian, egunaren arabera. Hala ere, kolorea galtzen ari direla konturatzen zara, batzuk oso hondatuta daude eta badakizu ez dituzula berriz berreskuratuko. Edo bai, baina nekez. Beste batzuk berriz ondo eusten diote denboraren joanari, horiek ere zure ondotik joan nahiko ez balute bezela.
Tarteka mezu bat igortzen duzu, eta jaso. Berriak bildu eta berriak helarazi. Hautsa kendu azken batean. Gaur egun erreza da distantzia mezu bidez laburtzea, baina esanak gero eta urrunagora bidaltzen dituzula ematen du.
Tarte bat aurkitzen duzunean, itzuli egin nahi duzu. Oroitzapenek kolorea galtzen ez dutela ziurtatu. Egia da haraino joan behar dela, ahalegin bat eskatzen duela, baina merezi du. Bihotza berriz kargatzen dizun ahalegin horietako bat da. Baina gaztea zara, gazteak dira, bakoitzak bere afizioak ditu, bere ofizioak; ezin da beti harat honatean ibili. Planak egin eta agendetan lekuak egitea gero eta zailagoa da. Batzuekin oraindik ez zara berriz elkartu, besteekin gehiagotan baina ez nahi bezain luzaz, ez nahi bezala agian.
Zuk ikusi behar duzu zer hartu nahi duzun, nola, zer eman, zenbat baina ahal den heinean, zaindu merezi duen hori. Zaindu maite duzun hori.
Kilometro kopurua aldatzen ez den arren, distantzia handitzen baitoa.
Entradas recientes
Ver todoHona hemen asmakizun bat: “Demagun aita batek bere 7 urteko semea kotxean eramaten duela egunero ikastolara. Egun horietako batean...
Gazteok batez ere gauez ligatzeko joera dugula iruditzen zait. Ligatu nahi bada nahitaez parrandan atera behar dela ematen du gaur egun....
Aldrebesa da mundua. Aldrebesa da, nola astean zehar, etxean edo lanean egotea behar genukeenean, eguzkia aritzen zaigun ate joka, eta...
Kommentit