Ehunka lagun “busti” dira erabakitzeko eskubidearen alde Algortan
- Kerman Diaz Franco
- 2 oct 2017
- 1 Min. de lectura
Eguraldi txarrak goiza baldintzatu badu ere, Itsasoruntz ekimena aurrera ateratzea lortu dute Portu Zaharrean
Ehunka lagunek parte hartu zuten larunbat goizean Algortako (Bizkaia) Portu Zaharrean buruturiko Itsasoruntz ekimenean. Azaroaren 5ean Getxon egitekoa den herri galdeketaren alde mosaiko erraldoia osatu zuten parte hartzaileek uretan.
Ekimena Getxoko Gure Esku Dagok antolatu zuen, hainbat surflari eta surf eskolen laguntzarekin. “Busti zaitez” lelopean, surf taulak hartu eta uretan Gure Esku Dagoren logoa irudikatzea zen helburua, bost atzamarreko eskua. Eguraldiak ez zuen gehiegi lagundu, euriak, haizeak eta olatuek antolatzaileen lana asko zaildu baitzuten. Aurreikusi baino denbora gehiago behar izan arren, azkenean ekimena aurrera ateratzea lortu zen.
Uretara sartu aurretik, Paule Loizaga eta Unai Mendiburu bertsolariez, musikaz eta jolas ezberdinez gozatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek. Mosaikoa egin ostean eta egunari amaiera emateko, parte hartzaileek eta ikusleek zerbait edan eta jateko parada izan zuten.
Aurtengoa Algortako Portu zaharrean antolatu den hirugarren Itsasoruntz ekimena izan da. Azkena 2011ko maiatzaren 28an burutu zen.
Azaroaren 5ean herri galdeketa egingo da Getxon. Bertan planteatuko den galdera hurrengo hau izango da: “Nahi duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa gure kabuz eta aske erabakitzea?”. Egunean bertan hainbat ekitaldi egingo dira herrian barrena eta Gure Esku Dagok gerturatu eta parte hartzeko deia luzatu die herritarrei.

Iturriak eta informazio gehiago
Comments